lehen orrira itzuli
Ir a la página en castellano

"Bovine Spongiform Encephalopaty"
Alan Ebringerren dokumentua

LONDRESKO GOBERNUAREN batzordeari Alan Ebringer doktoreak -ikerlari talde baten buru zela- aurkeztutako agiria, 1997an eta 199an agindu eta diruz lagundutako bi iker-lanen emaitza, hemen laburbildu ditut. Ingelesezko dokumentua Londresko Unibertsitateko King’s College-k dauka Interneten. Hona laburpena:

1. Ikerketaren kostea. Lehen ikerketa (1997) 18.032 Libra kostatu zen. Bere helburua zen erabakitzea ea BEE daukaten animaliek lurreko bakterioen kontrako antigorputzak dauzkaten. Lehendik Ebringer eta bestek erakutsia zuten Acinetobacter calcoaceticus bakterioak badituela molekula sekuentziak gizakiaren eta behikien burmuinaren antza dutenak.

Bigarren ikerketa (1999) 216.228 Libera kostatu zen. Honetan BEE zeukaten 128 abere eta osasun oneko beste 127 alderatu, bakterio ezberdinekin testeatu eta ikusi zen BEE zeukatenek Acinetobacterraren kontrako antigorputzak maila altuan zeuzkatela azienda osasuntsuekin alderatuta. Bi ikerketak denetara 234.260 Libera kostatu ziren.

2. BEE arazoaren aurrekariak. BEE azienden gaixotasun neurologikoa da. Britainia Handian azaldu zen abereentzako neguko janarietan nahastu zirelako hiltegietako hondakinak, hala nola burmuin, bizkarrezur, pankrea eta hesteak. 1988an 60.000 behi diagnostikatu ziren eritasun horrekin. Gobernuak esan zuen neguko jakietara iritsitako burmuinak prioiz edo antzeko agentez kutsatuta zaudela, Scrapie zeukaten ardien gorpuzkinetatik iritsita. Ordudanik daude debekatuta hezur eta haragiz egindako janari horiek, eta geroztik BEE kasuak izugarri jaitsi dira Britainia Handian.

3. BEEn inguruko teoriak. BEE esplikatzeko aipatu dira birusak, organo-fosfatoak eta baita prioiak ere. Prioi normalak proteinak dira, ia organo guztietan aurki daitezkeenak, baina kopuru handiagotan burmuineko ehunetan. San Franciscoko Prusiner doktoreak aipatu zuen “prioi eraldatuak” (abnormal prions) bihur daitezkeela “prioi normal” eta gaitz neurologikoak eragin, hala nola ardietan Scrapie, Ginea Berriko Fore tribuko kideen artean Kuru, behietan BEE eta gizakietan CJG. Ez da ezagutzen nola transmititzen diren gaitzok, baina aipatu da “prioi anormalak” dauzkaten burmuinak edo haragia jatetik hasi daitekeela horiek “prioi normal” bihurtu eta gaitz neurologikoa martxan jartzea, animalietan bezala gizakietan.

“Prioien teoria” oso zabalduta dago, baina bere mugak ditu. 1) Ez da demostratu prioiak partikula infekziogile eta independiente moduan naturan badaudenik. 2) “Prioi eraldatuetan” azido nukleikorik ez dagoenez, biologia molekularrak arazoa dauka hor: nola gerta daiteke prioien aniztasuna –mota ezberdinak deskribatu baitira- horiek DNArik ez baldin badaukate?

4. BEE eta belaki formako aldaketak burmuinean. Aipatu animalien gaitzek –Scrapie, Kuru eta BEE- eta gizakien CJGk denek gaixoaren burmuina belaki formako bihurtzen dute. Frogatuta dago Scrapie edo BEE daukaten ardi eta behien burmuinen zatiak esperimentuetan beste animaliei injektatu eta ikusi da hauek ere dardarak, ataxia eta atzeko anken mugimendu kontrolik gabea garatzen dituztela, azkenean hiltzeraino iritsiz. Horregatik esaten dira gaixotasun horiek “Enzefalopatia Espongiforme Kutsakorren” taldea osatzen dutela. Baina gerta al daiteke hauek gaixotasun autoimmuneak izatea?

5. Gaixotasun autoinmuneak eta Sukar Erreumatikoa. Gaixotasun autoimmuneetan antigorputzak agertzen dira, organismoaren beraren ehunei erasotzeagatik “autoantigorputzak” deitzen direnak. Ehunetan kalteak eragiten dituzte. Horien artean daude esklerosis anizkoitza, gaztetako diabetesa eta artritis erreumatoidea. Autoantigorputzez bi teoria nagusi daude. Batzuentzako, immunitate sistema bere kasan hasten da zelula autoimmune kaltegarriak sortzen. Beste batzuen ustez, mikrobio bat, bere ostalaria den gorputzeko ehunen baten antzekoa daukana –“mimetismoa”- da eragilea. Infekzioarekin antigorputzak hasten dira sortzen mikrobio horren kontra baina horietako batzuk nahasi egiten dira eta bere ostalariari erasotzen diote, horra autoantigorputzak. Hauek, asko baldin badira, ehunak hondatuko dituzte eta azkenean patogenoaren antza daukan organoa gaixoarazten.

Sukar erreumatikoa da eritasunotan klasiko bat. Estreptokokoak baditu molekula zatiak gizakiaren bihotzaren zelulen antza dutenak. Arnasbideetako infekzio batetik abiatu –amigdalitis batetik adibidez- eta estreptokokoen kontrako antigorputzek bihotzari eraso diezaiokete. Gaixoak bihotzeko murmurioa, sukarra eta giharretako minak izango ditu: Sukar Erreumatikoa. Penizilinaren erabilera zabaldu zenetik, 1960etan, kontrolpean daude estreptokokoen infekzioak eta Sukar Erreumatikoa kasik desagertuta dago Mendebaldean. Hor sortu zen hurrengo galdera: ea beste autoimmunitate gaixotasunak prebenitu litezkeen mikrobio eragilea suntsiaraziz.

6. Autoimmunitate gaixotasunak Londresko King’s Collegen. Hogeita hamar urtetik gora daramatza Londresko King’s Collegek autoimmunitate gaixotasunen ikerketan. Horrela aurkitu du Klebsiella izeneko mikrobioa lotuta dagoela Espondilitis Ankilopoietikoarekin. Aurkitu da Proteus mikrobioa lotuta dagoela Artritis Erreumatoidearekin. Bi eritasunok nagusiki HLA antigeno jakin batzuek dauzkaten pertsonei erasotzen diete, Espondilitisean HLA-B27 daukatenei eta Artritis Erreumatoidean HLA-DR4/1 daukatenei, eta bietan aurkitu dira autoantigorputzak HLA antigeno horien kontrakoak. Gaixotasuna gogorraldian dagoenean antigorputz ugari aurkitzen dira, eta barealdian berriz kopuru normaletara jaisten. Horregatik dira eraginkorrak zelulen ugaritzea eta antigorputzen ekoizpena mugatzen duten botikak, hala nola metotrexatoa. Bestalde, batean Klebsiella eta bestean Proteus kopuruak gutxiagotzeko elikaduran egindako aldaketek onura terapeutikoak ekarri dituzte.

7. Eritasun autoimmuneak eta Behien Entzefalopatia Espongiformea (BEE). Uste zenez BEE ugaritu zela azienden jatekoak kutsatu zituelako akabatutako animalien hezur eta haragia nahasturiko pentsuan zegoen patogeno neorologikoren batek, King’s Collegen Irakasle Emeritua zen John PIRT-ek planteatu zuen BEE izan zitekeela Espondilitisa eta Artritis Erreumatoidea bezala eritasun immune bat. Gure taldeko beste kide bat, Clyde WILSON doktorea, ohartu zen Washingtongo GAJDUSEK-ek demostratu zuela Creutzelfdt-Jakob Gaixotasuna (CJG) eta “kuru” delakoa dauzkaten gizakietan bezala Scrapie-k jotako ardietan, bietan aurkitzen direla burmuineko ehunen kontrako autoantigorputzak. Areago: sistema immune gutxitua daukaten xaguek ez zuten gaixotasun neurologikoa garatzen Scrapiek jotako animalien burmuinak injektatutakoan; aldiz, animali horiek bakterio eta birusen infekzioz hiltzen ziren.

Honi eman zaion esplikazio ortodoxoa da “prioi” direlakoek sistema immune normal bat behar dutela ugaritu ahal izateko, baina immunologo bati esplikazio alternatiboa ateratzen zaio berehala:
Immune sistemarik ez = Gaixotasunik ez -->
--> Beraz, sistema immunea ari da gaixotasuna kausatzen -->
--> Beraz, BEE izan daiteke gaixotasun immune bat -->
--> Galdera da: zein mikrobiok pizten du BEE?

8. BEE eta Entzefalomielitis Alergiko Experimentala (EAE). Hau da animalietan eraikitako eredu bat Esklerosi Anizkoitzaren antza duela uste dena. Duela 120 urte deskubritu zuen, 1880an PASTEUR immunologo frantsesak, ixtripuz. Zakur edo otso errabiatuek ausikitako pertsonak immunizatzen zituzten errabiaz kutsatutako untxien burmuinekin. Gaixoetako batzuek errabiaren kontrako immunitatea garatu zuten, baina ehunetik batzuek hil egin ziren orduan “Entzefalomielitis Alergikoa” bataiatu zen gaixotasunez.

Ezusteko heriotz hauentzako ez zen esplikaziorik aurkitu 1930 arte: orduan ezagutu zen pertsona bati injektatzen bazaio beste izaki baten burmuina, honek eragingo duela erantzun immune bat ostalariaren baitan eta bere burmuina kaltetu diezaiokeela. 1950an garbi geratu zen organo baten zatiekin egindako immunizatzeak sor dezakeela gaixotasun immune bat ostalariaren organo berean. Gauza bera frogatu zen BEE edo Scrapie zeukaten abereen burmuin zatiak injektatu ondoren beste animalia batzuei, eta demostratu zen horrela transmititu zitekeela. Hala ere, eztabaidatzen jarraitu zen ea hori bera ote zen PASTEUR-EK “Entzefalomielitis Alergikoa” delakoarekin aipatu zuena.

9. Aldaketa espongiformeak EAEn, behietako mielina eta Acinetobacter. Entzefalomielitis Alergiko Experimental kronikoan, ikusita dago immunizaziotik hiru edo sei hilabeteren buruan “aldaketa espongiformeak” gertatzen direla, bai untxietan eta bai akurietan, New Yorkeko RAINE-ren taldeak demostratu zuenez. EAE gertatzearen ardura nerbio sistema zentralean proteina oinarrizko batek dauka, mielina deitzen den burmuineko materia zurian dagoenak. 1970an San Diegoko EYLAR-en taldeak identifikatu zuen behi-azienden mielinako peptido oso aktibo bat, oso kopuru txikitan –mikrogramoetan- akuriei injektatuz gero atzeko anketako paralisia, dardarak, flakotzea eta heriotza eragiten zizkiena. Hauek dira, hain zuzen, BEE daukaten abereen ezaugarriak ere. Peptido hauek ez dira desegiten 100 ºC-tan berotuta ere, eta gauza bera esaten da “prioi” direlakoez.

Guk proposatu genuen inguruneko mikrobio bat izan daitekeela burmuineko ehun horien antza duen proteina baten jabe dena, Estreptokokoaren eta sukar erreumatikoaren artean gertatzen den bezala. Probatarako erabiliz EYLARrek behien mielinatik ateratako sekuentzia, bakterioetan diren proteinen analisi informatikoek erakutsi zuten Acinetobacter mikrobioak –lurrean, ur kutsatuan eta zimaurkietan dagoenak- antzeko sekuentzia daukala.

10. Acinetobacter, molekulen mimetismoa eta BEE. Acinetobacter mikrobioak burmuineko ehunen antza duen sekuentzia daukala jakitetik abiatuta, aurkitu zen mekanismo posible bat aziendek BEE garatzea esplikatuko zuena. Hiltegietako hondakinak haragi eta hezurrez osatutako janariak egiteko erabili zirenez, Acinectobacterrez kutsatu ahal izan ziren. Pentsuok egiteko hondakinak berotu ziren arren, eta demostratuta dagoenez peptido horiek ez direla galtzen berotzearekin, horrek eragin ahal izan zuen batetik behiek peptido horien kontrako antigorputzak garatzea, eta bestetik –Acinectobacterren eta burmuineko ehunen antzekotasunagatik- abereen burmuina atakatzea eta gaixotasun neurologiko bat sortzea.

11. BEE gaixotasun autoimmunea izanez gero, orduan bi ezaugarri eduki beharko lituzke: a) IgA antigorputzak, hesteetako mukosak sortzen dituenak eta janariaren eragina izanez gero ugaritu behar zutenak; eta b) Autoantigorputzak. Antigorputzok izan beharko lukete burmuineko materia grisaren eta zuriaren kontrakoak.

Ebringer doktoreak Nekazaritza, Arrantzu eta Elikadurako Ministeriora (MAFF, ingelesezko sigletan) jo zuen. Honen zientifiko burua zen David SHANNON doktoreak onartu zuen ikerketa piloto bat egin behar zela eta eman zion Ebringerren taldeari batetik dirua eta bestetik BEE zeukaten abere hilen odol laginak.

12. CSA 4302 ikerketa pilotoaren emaitzak: Acinetobacter antigorputzak. BEE zeukaten animalien odola eta osasun onekoen animaliena eta jaki organikoz elikatutako abereena alderaturik, ikusi zen Acinetobacter calcoaceticus mikrobioaren kontrako antigorputzak askoz ugariagoak zirela BEE zeukaten abereen odoletan. Kontrolerako erabili ziren E.coli eta Agrobacterium bakterioen kasuan ez zen holako ugaritzerik gertatzen.

13. CSA 4302 ikerketa pilotoaren emaitzak: Autoantigorputzak. Oso ugari aurkitu ziren autoantigorputzak bai behien neurofilamentuen kontra –horiek burmuineko materia grisaren osagaiak dira- eta bai behien mielinaren kontra –hauek burmuinaren materia zuriaren osagaiak dira-. Autoantigorputzok izan daitezke Acinetobacter bakterioen ondorio. Kopururik ugarienetan azaltzen zirenak IgA isotipokoak ziren, eta horrek esan nahi zuen antigorputzok sortu zirela Acinetobacterraren antigenoak hesteetako mukosaren bidez iritsi zirelako, eta ez burmuinean “prioiek” eragindako kalteagatik.

14. CSA 5115 ikerketaren emaitza: Acinetobacterraren kontrako antigorputzak. Lehen ikerketaren ondorioak ikusita, MAFF erakundeari proposatu zitzaion bigarren bat burutzea, ikusteko ea Acinetobacter bakterioa esperimentaziorako animaliei injektatuz gero hauek BEEren antzeko “gaixotasun espongiformea” garatzen zuten. Hau ez zuten onartu MAFFen. Aldiz, bigarren ikerketa bat onartu zuten lehenengoa era zabalagoan berresteko eta aztertzeko ea antigorputzok erabili ote zitezkeen animalia akabatu aurretik BEEa detektatzeko test berri bat sortzeko.

Bigarren honek berretsi zituen lehenengoaren emaitzak, eta erakutsi zuen Acinetobacterraz gain Pseudomona mikrobioen kontrako antigorputzak ere ugariagoak zituztela BEE zeukaten abereek, nahiz eta ez Acinetobacterrak bezain kopuru handian.

15. CSA 5115 ikerketaten beste emaitza: hesteeako IgA antigorputzen erantzuna. BEEz gaixotutako animalietan Acinetobcter bakterioaren kontrako antigorputzak egotearen esplikaziorik xinpleena hau da: horietan sartu direla edo bakterio osoak edo bakterioen zatiak, eta ondorioz sortu diren burmuinaren kontrako autoantigorputzek eragin dutela gaixotasuna.

Bi teoria nagusi lehiatzen dira BEEren sorburua esplikatzerakoan: “prioiaren” teoria eta jatorri autoimmunearen teoria. Biek aurrikusten dituzte ondorio ezberdinak bai abereen osasunari eta bai gizakienari dagokienez, eta ezberdintasun hori garrantzia handikoa da osasunari, elikadura segurtasunari eta abere industriari dagokienez.

Burmuineko gaixotasuna “prioiek” eragina izan balitz eta aldi berean gogoan badaukagu autoantigorputzak azaltzen direla, zail egiten da ikustea zergatik diren hauek gehienbat hesteetako immunitatean sortutakoak. Aldiz, hezur eta haragiz egindako pentsuetan Acinetobacter bakterioak egon izanak errez esplikatzen ditu IgAzko erantzun horiek.

16. CSA 5115 ikerketaren beste emaitza: peptidoen ikerketa eta MAN froga. Aipatu diren peptidoen 16 aminoazido biltzen zituzten peptido sintetikoekin egin ziren esperimentuak eta emaitzak AEBko Virginian 2000an ospatutako “Transmissible Spongiform Encephalopathies International Meeting” delakoan aurkeztu ziren.

17. Acinetobacterraren kontrako antigorputzak Esklerosi Anizkoitzean. Esklerosi Anizkoitza (EA) nerbio sistemaren eritasun autoimmune desmielinatzailea da. Modu diferentetan aurkezten den arren, ezaugarririk ezagunetakoa da zangoen ataxia, ibiltzea eragozten duena. Zangoen paralisia denez era berean BEEren eta Entzefalopatia Alergiko Esperimentalaren ezaugarria, eta EAE hau kontsideratzen denez Esklerosi Anizkoitzaren eredu animaliazkoa dela, sortzen den galdera da: ingurunean hain zabaldua den Acinetobacter bakterioak burmuinaren ehunen antza duten sekuentziak dauzkanez, ea hori aurki ote daitekeen gaixotasun honetan ere.

Ebringer eta bere taldeak jo zuen Londresko Institute of Neurology erakunde eta ospitaleko Edward J. THOMPSON irakaslearengana, eta honek harremanetan jarri zituen Esklerosi Anizkoitza duten 53 gaixorekin, CJG duten 2rekin eta entzefalitis birikoa duten 10ekin. Ikerketak erakutsi zuen CJG duten 2k eta Esklerosia duten 10ek Acinetobacterraren kontrako antigorputzak kopuru handitan zeuzkatela, osasun oneko beste 12 herritarren odolarekin alderatuta.

18. Acinetobacterraren kontrako antigorputzak EAan eta MAN froga. Alderatu ziren hiru talde ezberdinetako pertsonen odolak: 26 Esklerosi Anizkoitza dutenak, 20 ixtripu zerebro-baskularren ba izan berriak eta beste 25 osasun onekoak. Eta ikusi zen guztien artean soilik Esklerosis Anizkoitza zeukaten 26 gaixoen odolean aurkitu zirela Acinetobacterren eta Pseudomonen kontrako antigorputzak kopuru handitan.

Nola esplikatu hau? Esklerosia daukaten gaixoek sinositisak eta arnasbideetako infekzioak nozitzen dituzte, eta holako mikrobio saprofitikoak gizakiaren larruazalean ere egoten direnez, horiek eragin ahal izan dituzte erantzun immuneok. Baina ikerketa gehiago behar dira erabakitzeko Acinetobacterren infekzioa Esklerosia abiatu aurretik ala ondoren gertatu den.

19.A. Ikerketen laburpena A.
A.1 BEE sufritzen duten animaliek Acinetobacterrarekiko antigorputz kopuru handiak dituzte; bakterio hori ingurunean aurkitzen da eta burmuinetako ehunen antza duten molekula sekuentziak dauzkate.
A.2 Antigorputz hauen jatorria ez dago orain arte argi, baina espekulazio hutsean erori gabe esan dezakegu Acinetobacter bakterioak edo bere antigenoak nahastu zirela aziendentzako haragiz eta hezurrez egindako pentsuetan eta horrek eragin zituela antigorputzok.
A.3 BEEz gaixotutako animaliek badauzkate antigorputzak bai burmurmuneko mielinaren (materia zuria) kontra eta bai neurofilamentoen (materia grisa) kontra.
A.4 Antigorputzok sortu badira behien janarietan diren antigenoen eraginez, orduan antigorputz horiek gehiago izan behar dute IgA deitzen diren mukosetako isotipoetakoak. Eta hala aurkitu dira egin diren frogetan. Horregatik antigorputzok janarietan zeuden antigenoen ondorio direla frogatzen da, eta ez direla “prioiek” burmuinetan eragindako kalteen ondorio.
A.5 Hau argudio oso sendoa da BEE “prioien” ondorioz gertatzen dela dion proposamenaren kontra.
A.6 Ez dago argi Acinetobacterraren kontrako antigorputzak agertzen diren BEE abiatu baino lehen ala ondoren. Baina bai dago argi BEE duten animalien burmuinak injektatzen zaizkienean esperimentuetako animaliei, hauek gaixotasun neurologiko bat garatzen dutela, baina ezin da esan BEE transmititu zaienik, baldin eta hauek ere Acinetobacterraren kontrako antigorputzik ez badute. Holako kasuetan behar bada EAE da transmititu den bakarra.

4.14.B Ikerketen laburpena B
B.7 Konfirmatu badaiteke BEE gaixotasun autoimmunea dela Acinetobacterrek eragina, orduan BEE ezin da haragia janez kontsumitu, baldintza higienikotan prestatu baldin bada. Edinburgheko “National CJD Surveillance Unit” (Creutzfeld-Jakob Gaixotasuna behatzenduen erakundea) delakoa bide beretik mintzatu da bere agirian idatzi duenean: “...haragia jatearen eta CJGren arteko lotura ez da sinesgarria”.
B.8 Horregatik herritarrek haragia jateaz dauzkaten beldurrak argitu egin behar dira, BEEari buruzko datu berriok zabalduz.
B.9 Abere osasuntsuak pilaka akabatzea arrazoigabeko (unnecessary) litzateke, eta horrela diru asko aurreratuko lukete zergen ordaintzaileek.
B.10 M.A.N (Myelin-Acinetobacter-Neurofilament) probak eskaintzen du BEE test “ante-mortem” bat. Tes honek argitu dezake abere batek BEE daukanez hiltegira bidali aurretik eta gizakiaren janari katean sartzea eragotziko litzateke.
B.11 M.A.N. testa erabil daiteke Esklerosi Anizkoitza diagnostikatzeko ere.

20. Gomendioak. Ebringer doktorearen taldeak proposatu du ikerketa gehiago egitea erabakitzeko ea Acinetobacterraren kontrako antigorputzak azienda BEEz gaixotu aurretik ala ondoren gertatzen den. Hau animalia txiki esperimentaziokoekin egitea proposatu du. Londresko King’s Collegek baditu bai lekua eta bai baliabideak “erreferentziazko” laborategi bihurtzeko. Guzti hori burutzea, giza baliabideak barne, denetara 2 Milioi Libra Esterlina kostako litzateke. Koste txikia bai BEE eta bai Esklerosi Anizkoitza gizarteari kostatzen zaionaren aldean.

GORA ITZULI